Errezil

Urola-Erdia eskualdeko herria

Historia laburra

Errezil izenaren jatorria ezezaguna den arren, hainbat uste daude. Zabalduena, baskoiek eta erromatarrek Zelatunen izandako guda dute oinarri. Kondairaren arabera, erromatarren erasoak zirela eta, Gipuzkoako Hernio mendi tontorraren ondoko zelai batean, Zelatunen, ezkutatu ziren baskoiak, eta erromatar ugari hil omen zituzten. Hortik etor daiteke herriaren izena; Errezil, Errez hil.

Hala ere, herriari buruzko lehenbiziko aipamena 1027 urtean aurkitzen da, zehazki, Nafarroako Antso III.a Gartzes Nagusia erregeak Errezil aipatu zuen Iruñeko Gotzain-hiriaren mugapeari buruzko dokumentuan. Aurrerago, 1397an, Gipuzkoako ermandadeko ordenantzetan Aia, Goiaz, Bidania, Errezil eta Beizamak osatzen zuten Saiazko Alkatetza Nagusia aipatzen zen. Gipuzkoako hiru Alkatetza Nagusietako bat zen Saiatz.

Zestoako 1563ko batzar nagusietan, erregeari herri bakoitzak bere alkatea izendatu ahal izan zezan eskatu zioten. Erregeak baietz erantzun zion erregu horri, eta, horrenbestez, udalerri independenteak bilakatu ziren.

Errezil izenaren jatorria, ezezaguna izan arren, baskoi eta erromatarren artean Zelatunen izandako guda dute oinarri.

Deskribapen geografikoa

Hernio mendiaren magalean kokatzen den udalerria da Errezil, eta Zestoa, Aia, Asteasu, Larraul, Bidegoian, Albiztur, Beizama eta Azpeitia herriak ditu mugakide. Herrigunea, harriz egindako etxe multzoz osatuta dago eta hainbat eraikin interesgarri ditu; San Martingo parrokia-eliza edota harlanduzko iturria, besteak beste. Arzallus, Erdoizta, Ezama, Ibarbia, Letea eta Argisain auzoekin osatzen da udalerria.

Biztanleria

Errezilgo biztanleriak beherakada nabarmena jasan zuen XX. mendearen bigarren erdialdean, 1.500 biztanle ingurutik 600 ingurura igaroz. Galera demografikoaren fenomeno honi lotuta, populazioaren zahartze nabarmena ageri zaigu, beste landa eremuko herrietan gertatzen ari den moduan. Hala ere, herri txikia izanagatik, herritar handiak eman ditu Errezilek. Hala nola, kultura, kirola zein gizarte arloan nabarmendutako errezildar ugari daude historian zehar.

Gune interesgarri batzuk