Errezilgo Sagarraren inguruko proiektu bat
Errezilgo Sagarrak Errezil herriarentzako izan duen eta gaur egun ere duen garrantzia ikusirik, berau ezagutzera eraman eta indartzeko sortutako egitasmo bat da hau.
Ibarbi Sagarraren Ibilbidea
2018 urtean sortutako herri ibilbide bat da. Ibilbidean zehar aurkituko dituzun informazio-paneletan zu zeu sagarren kulturan nahiz sagastiaren munduan murgiltzera animatzen zaitugu. Belaunaldiz-belaunaldi gure arbasoengandik jaso dugun jakintzaren ezaugarri garrantzitsuenak modu labur eta ikuserrazean azaltzen saiatuko gara. Horrez gain, Errezilgo historiako zirrikitu eta gertaeretan barrena ibiltzeko aukera ere izango duzu.
Ibilbidea, erdigunean aurkituko duzuen idi-dema plazatik irteten da, Borondegi Ostatuaren albotik.
Herria
Hernio mendiaren magalean kokatzen den udalerria da Errezil, eta Zestoa, Aia, Asteasu, Larraul, Bidegoian, Albiztur, Beizama eta Azpeitia herriak ditu mugakide. Herrigunea, harriz egindako etxe multzoz osatuta dago eta hainbat eraikin interesgarri ditu; San Martingo parrokia-eliza edota harlanduzko iturria, besteak beste. Arzallus, Erdoizta, Ezama, Ibarbia, Letea eta Argisain auzoekin osatzen da udalerria.
Gure sagarra
Gipuzkoan hainbat sagar-mota hazten da, bertan sortutakoak eta kanpotik ekarritakoak, baina tokiko sagar barietate ugarien artean nabarmenena “Errezil sagarra” da. Errezil herriak eman dio izena, eta hala ezagutzen da herritik kanpo, baina bertakook “Ibarbi sagarra” izenez ezagutzen dugu. Ibarbi, Errezilgo auzo bat da.